XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, edonola ere, berak, Elvis Karlsson-ek ere, ez dauka bihotza egurrezkoa.

Ama da logelan mugitzen den itzala.

Lailarekin ari da dantzan eta kantuz.

Pozik dagoela esan nahi du horrek.

Elvisek ba daki hori, hamaika aldiz ikusi eta entzun bait du pasadizo bera.

Beraz, nola gerta liteke, bada, guzti hura hain urrun eta arrotza sentitzea?

Ez du konprenitzen, baina ez da beldur.

Une hura, sentipen hura, ez du sekula ahantziko.

Musika, eguzkia, amatxoren itzala gelako horman.

Baina une hartan ez daki, hasperen egiten du eta ez daki pozik ala triste sentitzen den.

Bapatean, amatxo leihora azaltzen da Lailarekin.

- Elvis, maitea, zertan zabiltza hor? - esaten dio barrez.

Alkondara urdina darama, manga xuriduna.

Garbitu berria du burua eta ruloz betea.

Masailak gorrixkak ditu.

Elvis, amatxo eztia dela konturatzen da bapatean.

Horrek atsegin handia sortzen dio.

Ez zen inoiz ohartu zein eztia eta goxoa den amatxo.

- Ez al duzu sartu behar? - dio amatxok.

Elvisek ezin ditu begiak amatxorengandik kendu.

Noski sartuko dela, baina ezin du leku hartatik mugitu.

Ezin diezaioke amari baizik begiratu.

- Zeri so zaude, Elvis?

Zer gertatzen zaizu?

- Atorra berria al duzu? - esaten du Elvisek.

Amatxo barrez hasten da.

- Ez, zaharra da honez gero - dio -.

Sarritan jazten dut, ez al didazu inoiz ikusi?

Ez, ez du gogoratzen harekin ikusi duenik.

- Oso polita da - dio berak.

- Ez - dio amatxok barrezka -; egitan, ez da polita.

Amatxok kalean behera begiratzen du, norbait dator urrunean, zakur batekin, eta Laila zaunkaka hasten da.